Herri Batasuna
Herri Batasuna | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | HB |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Espainia |
Ideologia | Eusko abertzaletasuna, independentismoa eta sozialismoa |
Kokapen politikoa | Ezker iraultzaile politiko |
Jarduera | |
Honen parte | ezker abertzale eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1978ko apirilaren 27a |
Ondorengoak | Batasuna |
Desagerpena | 2001eko maiatzaren 23a |
Koloreak | |
Herri Batasuna Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta ezkertiar iraultzaile bat izan zen. Haren helburuak independentzia eta sozialismoa ziren. Espainian legez kanpo utzi zuten eta, Frantzian Batasuna legezkoa izaten segitu bazuen ere, ez zen inoiz Herri Batasuna izenarekin aurkeztu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri Batasunaren historian hiru zati handi bereiz daitezke: lehena 1978tik 1991ra doa; bigarrena, 1991ŧik 1998ra, eta horren ondorioz, Euskal Herritarrok izenaren sorrera. 2001etik aurrera, ilegaltasunean, Batasuna izena izan du bere garaian Herri Batasuna izena izan zuenak. Azken urteotan, Ezker Abertzalea izena erabili da.
1978tik 1991ra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera eta lehenengo pausoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978an Herri Batasuna hauteskunde koalizio gisa sortu zen, hauteskunde deialdiei aurre egin ahal izateko. HB sortzeko prozesua baina lehenago hasi zen, bost alderdi politikok Altsasun sinatutako minimozko dokumentuaren lanketaren harira. Altsasuko Mahaia izena hartu zuen, bere hastapenetan. Hurrengo hilabeteetan bilerak egiten jarraitu zuten, eta hala, Herri Batasuna sortzeko hitzarmena 1978ko apirilaren 27an sinatu zuten. Aurreko bost alderdietatik, bat atzean gelditu zen eta, ondorioz, honako lau alderdiek sinatu zuten: Eusko Abertzale Ekintza (EAE), Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB), Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI) eta Langileen Alderdi Iraultzaile Abertzalea (LAIA). Haiez gain, beste pertsona ospetsu batzuek ere hartu zuten parte eraketa berrian.
Euskadiko Ezkerrak garatutako proiektua baztertu zuten, haien iritzia erreformista zelako, eta haustura demokratikorako agertokia proposatzen hasi ziren. Horretarako, KAS Alternatiba landu zuten, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa iparrorratz. Planteamenduak sostengu handia izan zuen; izan ere, oso denbora laburrean, laguntza batzarrak eta batzordeak sortu ziren Euskal Herriaren luze zabalean. HBren ideia sozialistak eta abertzaleak berretsiko zituzten tokiko batzordeak sortzen hasi ziren. Azkenean, 1978ko urrian, HBren barne egitura zehaztu, eta Batzorde Iraunkorra eta Aholku Batzordea eratu ziren.
Lehen erronka 1978an bertan izan zen: Espainiako Konstituzioari buruzko erreferenduma. Azkenean, bi jarrera eztabaidatu ziren: aurkako botoa eta abstentzioa. Ofizialki, HBk aurkako botoa eskatu zuen, baina asko izan ziren atzerrikotzat ematen zuten Konstituzioari botorik eman ez ziotenak. Konstituzio horren aurka, arrazoi hauengatik egin zen bereziki: "monarkia ezarriko zuen konstituzio antidemokratikoa zelako; kapitalismoa bultzatzeaz gainera, langileen interesen aurkakoa zelako; eta erabat zentralista eta euskal herritarren aurkakoa zelako, azken batean autodeterminazio eskubidea ukatzen ziolako Euskal Herriari, eta euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtzen zuelako"[1]. Eta egitura horrekin, HB lehen hauteskundeei aurre egiten hasi zen.
Erreferendumaren emaitzek argi islatu zuten Euskal Herriak Espainiako Konstituzioaren inguruan zuen iritzia: abstentzioa eta aurkako botoa (beste alderdi batzuk ere eskatutakoa) izan ziren nagusi, eta Hego Euskal Herriko hautesleen % 34,55k bakarrik babestu zuten Konstituzioa.
Lehen hauteskundeekin batera, HB bere ibilbidean konstantea izango den beste bide bat jorratzen hasi zen: masen gatazka eta herriaren aktibazioa. Horrela, 1978ko urrian, lehenengo manifestazioa deitu zuen, eta erabat aurkakoak ziren baldintzetan egin zuen. Espainiako Gobernuarekin itun iraunkorrak hitzartzeko irrikan zeuden alderdiaren barnean aurkako jarrerak bazeuden ere, azkenean, EAJk Espainiako Konstituzioaren erreferendumerako abstentzioa eskatzea erabaki zuen. Abstentzioaren jarrera justifikatzeko, eta Ezker Abertzaletik aldentzeko, 1978ko urriaren 28an, EAJk Terrorismoaren aurkako manifestazioa deitu zuen Bilbon[2]. Egun eta hiri berean, HBk ere beste manifestazio bat deitu zuen, Atzoko eta gaurko gudarien alde goiburuarekin. Lehen manifestazioan istilurik izan ez bazen ere, bigarren manifestazioan polizia espainiarra oldartu egin zitzaien, eta bost zauritu larri eta hainbat zauritu arin eragin zituen.
Hilabete batzuk geroago, 1979ko martxoan, Espainiako Parlamenturako eta Senaturako hauteskundeak egin ziren, eta HBk lehen ezustea eman zuen. Lehenik eta behin, hauteskundeetarako proposatutako formularengatik harritu zuen; izan ere, hautatutako diputatuek euren aulkiak ez betetzeko konpromisoa hartu zuten. Horrek Espainiako estamentuen eta gainontzekoen gaitzespena eragin zuen, formula horrek hautesleen artean arrakastarik izango ez zuela uste baitzuten. Hain zuzen ere, hor gertatu zen bigarren ustekabekoa. 172.110 boto lortu zituen, bere oposizio nagusia zen Euskadiko Ezkerrak izandako botoen bikoitza hain zuzen ere. Emaitzek gainerako alderdiak harritu zituen. Guztira, hiru diputatu (Francisco Letamendia «Ortzi», Telesforo Monzon eta Periko Solabarria) eta senatari bat (Miguel Castells) lortu zituen. Egiaztagutunak jasotzera joaterakoan, Monzon EAJko diputatu gisa berrogei urte lehenago erabili zuen aulki berean eseri zen.
Emaitza horiek hilabete geroago hobetu egin zituzten, izan ere, 1979ko apirilean estreinakoz egin ziren udal hauteskundeetan emaitzak oraindik handiagoak lortu zituen HBk. Lehen urratsak ematen hasi zenetik urtebete baino ez zen pasa, eta jada Hego Euskal Herriko bigarren indar politikoa bihurtu zen. 211.000 boto lortu zituzten Batzar Nagusietan eta Nafarroako Foru Parlamentuan, eta 282 zinegotzi eta hamar alkatetza. Zinegotzien baturak ez ditu boto guztiak islatzen, baina kontuan izan behar da herri hautagai asko aurkeztu zirela HBren izena hartu gabe. Denbora pasatu ahala, Herri Batasunak zinegotzi kopurua handitu zuen, neurri batean, hautagaitza mota horren murrizketari esker.
Nafarroako Foru Parlamentuari dagokionez, HB bere siglekin aurkeztu zen Iruñerrian, eta beste izen batzuekin eta koalizioan gainerako merindadeetan. Guztira, HBk bederatzi parlamentari lortu zituen, eta beste zazpi gainerako merindadeetan. Azken aulki banaketarekin, Parlamentuaren azken eraketak Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako autonomia bakarraren aldeko gehiengoa islatzen zuen. Hala ere, PSOEk ez zuen batasunerako erreferendum deialdia bermatu eta ez zen EAE-Nafarroa elkarketa egiteko aukerarik egon.
Hego Euskal Herriko antolaketa berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979ko hasieran egindako lehen hauteskunde haien ostean, Espainiako Estatuko egitura administratibo berria prestatzen hasi ziren, 1978ko Konstituzioan onartutakoari jarraiki. Administrazioaren deszentralizazioa jasotzen zen Konstituzioan, eta estatu egitura berriari forma eman behar zitzaion. Horretarako, bi estatutu prestatu ziren: bata Nafarroarako, eta bestea Araban, Bizkaia eta Gipuzkoarako.
Herri Batasunaren iritzia egoera horrek Hego Euskal Herriaren zatiketa betikotuko egingo zuen, eta horri aurre egiteko asmoz, Ezker Abertzaleak erreforma horrekin hautsiko zuen bestelako ikuspegia jarri zuen mahai gainean. Horrela oinarri zehatza zuen Kas Alternatibaz gain beste egitura-proposamen bat ere luzatu zuten, Autonomia Estatutu bateratu bat lortzeko bidean: Euskal Herriko Biltzarre Nazionala.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa batuko zituen biltzarra osatzea proposatzen zen, indar soberanistak elkartzeko. Proposamen horren helburu nagusia Espainiako Estatuari aurre egitea zen. Madrilen argi ikusi zuten zein zen biltzar horren zeregin eta helburua, eta azkar mugitu ziren proiektu hori oztopatzeko eta debekatzeko. 1979ko ekainaren 17an aurkeztu behar zen Biltzarra, eta aurkezpena bera debekatu eta galarazi egin zuen Espainiako Estatuak. Proiektuari forma emango zion behin-behineko taldea sortzera iritsi ziren, Hego Euskal Herrirako autonomia-estatutu berri bat ere idatzi zuten, baina Biltzarrak ez zuen fase teorikoa ere gainditu.
Egoera politiko horretan deitu zuten erreferenduma 1979ko urriaren 25ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutua erabakitzeko. HBk ez zuen onartu Hego Euskal Herriko lau herrialdeak barne hartuko ez zituen estatuturik eta, hori zela-eta, abstentzioa eskatu zuen. Ezker Abertzaleak positibotzat jo zuen azken emaitza; izan ere, hiru lurraldeetako hautesleen %53k egin zuen estatutuaren alde, eta ez zuten uste berme nahikoa zenik mota horretako proiektu baterako.
Herri Batasunaren antolaketa berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egoera horren aurrean, Herri Batasuna ere berrantolatu egin zen, eta 1979ko abenduan amaitu zen berregituratze prozesua, Mahai Nazionalaren hautaketarekin. Hainbat eztabaida izan ziren, baina azkenean honako osaketa izatea erabaki zen: lau alderdi fundatzaileetako hamasei ordezkarik eta Laguntza Batzordeetako beste hamabostek osatu zuten lehenengo Mahai Nazionala. Berregituraketa horren beste gai garrantzitsu bat erakundeen parte-hartzearen ingurukoa izan zen, aurkako jarrerak ikusi baitziren, batez ere, alderdien artean. Denborak aurrera egin ahala, bi alderdik HB utzi zuten. 1980ko otsailean, LAIAk alde egin zuen. Horrek hauteskundeetarako koalizioa baino ez zen HBren gehiegizko pisua salatu zuen, gainerako alderdien kalterako. Alderdi horrek KAS Koordinakundea ere utzi zuen, talde buruzagi bat sortzeko proposatutako ekimenak aurrera egin ez zuelako. Otsailean bertan, ESBk ere Herri Batasuna utzi zuen, bereziki, erakundeetan ez parte hartzeko gehiengoaren erabakiaren aurka zegoelako. EAE-ANVrekin ere gatazkaren bat edo beste izan zen, baina koalizioan jarraitzea erabaki zuen. EAE HBn integratzearen aurka zegoen talde bat bota egin zuten. Krisi giro horretan, 1980ko martxoan, Gasteizko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeak egin zituzten, eta HBk emaitza uste baino hobeak izan zuen, bigarren indar politikoa izan baitzen, 151.636 botorekin.
Baina Ezker Abertzalearen zabalkuntza eta berrantolaketa beste gai sozial batzuetan ere nabaritu zen. Besteak beste, nabarmentzekoa da 1970eko hamarkadaren amaierako eta 1980ko hamarkadaren hasierako energia nuklearraren aurkako borroka. Horren arrazoia Euskal Herrian hainbat zentral nuklear eraikitzeko proiektua zen, 1970eko hamarkadaren hasieran. Kaltetutako eremuetan proiektu horiek izugarrizko oposizioarekin topo egin bazuten ere, ez zen aski izan Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza lanak hastea saihesteko. Euskal Herriaren luze zabalean batzorde antinuklearrak antolatu ziren, eta Euskal Herriko masa mugimenduaren historiarako garrantzi handia izango duen dinamika hasi zen. Lemoizen aurkako martxak, itzalaldiak, muralak, intsumisioa, eta zentral nuklearrei eta horien arriskuei buruzko informazio kanpainak antolatu zituzten. Gainera, ETAk gatazkan parte hartu izanak mundu osoko oihartzuna eman zion. Azkenean, zentralaren eraikuntzari buruzko luzamendua dekretatu zuten, eta lanak gelditu ziren.
Garrantzia handiko beste une bat HBk Espainiako erregearen bisitaren aurrean hartutako jarrera izan zen, 1981ean. Espainiako erregeak Euskal Herrira egindako lehen bisita zen, eta Ezker Abertzaleak probokaziotzat hartu zuen. Hainbat herritan protestak izan ziren, eta hainbat udaletan bisita errefusatzeko mozioak aurkeztu ziren. Juan Karlos I.a Espainiakoa Gernikan hitzaldia hasi zuenean, HBko eta LAIAko batzarkideak eta legebiltzarkideak «Eusko gudariak» abesten hasi ziren. Protestaren oihartzuna oso handia izan zen estatu mailan nahiz nazioartean.[3]
1981. urtea bereziki gogorra izan zen; batez ere, otsaila. Lemoizko zentral nuklearraren aurkako gatazka puri-purian zegoen, Espainiako erregearen bisita eta horri guztiari gehitu behar zaio ETAko militante Joxe Arregiren erailketa: hil arte torturatu zuten. Hilketa hura salatzeko mobilizazio ugari izan ziren Euskal Herrian, eta nazioartean izugarrizko oihartzuna izan zuten. Egoera horren aurrean, alarma piztu zen Espainian eta, bereziki, armadan. Espainiako armadaren barnean, zenbait militarrek Espainia hondamendira zeraman bidea suntsitu behar zela uste zuten. Giro horretan, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea antolatu zen. Guztien buru Antonio Tejero izan zen. Tejero Gipuzkoako zenbait eremutan nahiko ezaguna zen; izan ere, Tolosako komandantzia zuzendu zuen 1977ra arte. Logikoki, estatu kolpea kezkaz eta beldurrez bizi izan zen Euskal Herrian; izan ere, eta gero jakin bezala, kazetariak eta bestelako profesionalak ere barne hartzen zituen euskal politikako berrehun pertsonako zerrenda zuten prestatuta kolpistek.
Ezker Abertzalea segurtasun neurriak hartzeaz, artxiboak gordetzeaz eta beste gauza batzuez arduratu zen. Eta altxamenduaren porrota argi gelditu zenean, Hego Euskal Herriko ezkerreko beste indar batzuekin batera, estatu kolpearen aurkako manifestazioa deitu zuen. Are ageriagoa zen haustura demokratikoaren beharra berretsi zuten, eta 1981eko hasiera Herri Batasunarentzat oso mingarria izango zen albistearekin bukatu zen. Telesforo Monzón hil zen martxoaren 9an, HBren sortzaileetako bat, eta pertsona karismatikoena dudarik gabe.
Espainiako erreformaren bigarren fasea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezker Abertzalearen aurkako giroa areagotu egin zen 1981ean. Madrilen ETA eta HB gauza bera zirela teorizatu zuten eta, ondorioz, azken erakunde horretako karguak atxilotu zituzten. Hori behin eta berriro errepikatuko da gaur egunera arte. HBko 63 ordezkari komisariara eraman zituzten. Azkenean, Gobernuak HBko buruak askatu zituen. HB ez zen liberazio sozialeko eta nazionaleko ideietan atzera bota. Horren adibide gisa, egun horietan areagotu egin zen banderen gerra deitutakoa. Horren jatorria Espainiako Gobernuak 1981eko urrian ateratako Banderen Legean dago. Horren arabera, ikurrinak EAEko bandera ofiziala izaten jarraitzen zuen, baina ez Nafarroako bandera. HBk eta beste alderdi batzuek indarrez salatu zuten neurria, eta ikurrina sinbolo moduan erabiltzen jarraitu zuten. Beste adibidea gizarte arlokoa da, eta hura ere 1981ean izan zen. Industriaren krisia metalurgian eta ontzigintzan oinarritu zen eta, egoera delikatuaren aurrean, urte horretako azaroan, sektore horiek greba orokorra deitu zuten. HBk deialdia bermatu zuen, eta bere indar guztiak egunaren arrakastan kontzentratu zituen.
Aurkako egoera horiek guztiak Espainiako zentroak eta eskuinak kudeatu zituen eta, ondorioz, PSOEk 1982ko hauteskunde orokorretan izandako garaipenak aldaketarako itxaropen handiak eragin zituen. Nolanahi ere, laster frogatuko zen, Euskal Herriko gatazkari zegokionez, ez zela berritasunik aurreikusten. Ordurako, Espainian, Ezker Abertzalearen aurkako borrokarako politika iraunkorra hasi zen: adierazpenengatik ezarritako isun etengabeak, boikot ekonomikoa, manifestazioak, etab. Gainera, LOAPA martxan zegoen. Hala ere, PSOEren aldaketarik handiena Plan ZEN deitutakoan gauzatu zen eta, ondoren, GAL sortuta. ZEN Planak (Zona Especial Norte, Euskal Herriaren ingurukoa, hain zuzen ere) euskal erresistentziaren aurka arituko ziren agente zapaltzaileen zigorgabetasuna bermatuko zuten zenbait neurri proposatzen zituen, egindakoa kontuan izan gabe. Tortura babesten zuen, abertzaletasunaren aurkako propaganda sustatzen zen, eta Euskal Herriaren independentismoaren aurkako borrokako gehiegikeriak justifikatzen zituen, Espainiaren onerako. Botazioan EAJ abstenitu egin zen; neurri horiek hilketa ugari eragin eta GAL sortzea eragin zuen.
Herri Batasunak esku-hartze horiek salatzen jarraitu zuen baina, aldi berean, beste hausnarketa batzuetara irekia jarraitzen zuen, ideiekin koherentea izango zen ildoa gorde nahian. Eztabaida klasikoetako bat erakundeetan parte hartzearen egokitasuna eta horietako zeinetan parte hartu izan da. Zehazki, Nafarroako Foru Parlamentuko parte-hartzeak eztabaida sakonak jasan zituen urte horietan. 1981eko abenduan, eta EAErako hartutako erabakiarekiko koherentziagatik, Nafarroako Parlamentuan ez parte hartzea erabaki zen. Nolanahi ere, eztabaida aldizka berrartuko zuten.
Hauteskunde goraldiko ziklo berria, 1984-1987
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1984ko Gasteizko hauteskunde autonomikoetatik aurrera, HBk goranzko aldia hasi zuen berriz ere 1987ra arte. Hala ere, egoera politikoa eta soziala ez ziren pozgarriak, eta HBk egoera horren aurkako mobilizaziora deitzen jarraitzen zuen Euskal Herriko gizartea. Kontatu beharreko aurkako baldintzen artean, zalantzarik gabe, nabarmentzekoak dira Espainiako kartzeletan euskal presoek bizitzen ari ziren egoera eta bederatzi hilabete iraun zuen Herrera de la Manchako txapeo ospetsua. Halaber, nabarmentzekoa da Frantziako Gobernuak hasitako ETAko militanteen estradizio politika. Bere aldetik, HBk 300.000 pertsonak sinatutako eta estradizio politika salatzen zuen Munduko Herrialdeen eta Nazioen Kartaren aldeko sinadura bilketan lagundu zuen.
Ezker Abertzalearen aurkako jazarpen politikaren barnean, 1984ko azaroan, HBren une mingarrienetako bat gertatu zen: GALekin lotuta egongo ziren mertzenarioek[4] Santi Brouard hil zuen, Mahai Nazionaleko kidea eta une horretako pertsona nabarmenena, hain zuzen ere. Ezker abertzalearen erantzuna oso azkarra izan zen: greba orokorra deitu zuen azaroaren 22rako, eta Hego Euskal Herria erabat gelditu zen.
Hauteskunde goraldiaren fase horretan, oso garrantzitsua izan zen HBk uneko forma kulturalarekin izandako sintonia. 1985eko hasieran, ere nabarmentzekoa da alaitsu eta kementsu kanpaina, FSLNk Nikaraguan erabilitako goiburuarekin. Mahai inguruak, antzerki lanak, zinema, haurrentzako jarduerak, musika eta abar antolatu ziren. Eragin aberasgarrienetakoa Ezker Abertzalearen eta «Euskal Rock Erradikalaren» arteko zubia izan zen.
Era berean, solidaritate garaia izan zen. Krisian zeuden sektore industrialekiko elkartasun sozialaz gain, HBk borrokan zeuden beste herrialde batzuekiko solidaritate ekintzak bultzatu zituen: Irlanda, Nikaragua, etab. Eta, aldi berean, beste herrialde batzuetako ekintza solidarioak jaso zituen. Gizarte eta nazioarteko dinamika horren barnean, 1986an, Espainiak NATOn parte hartuko zuen edo ez erabakitzeko erreferenduma deitu zen. Bere kanpainan, PSOEk erakunde horretatik aterako zela agindu zuen, baina, ondoren, aurkakoa esan eta bermatu egin zuen. Hego Euskal Herrian, eta HBren laguntzarekin, egonaldiaren aurka ko mugimendu handia sortu zen eta, EAJk, PSOEk eta Espainiako eskuinak aldeko botoa eman bazuten ere, Hego Euskal Herrian (bai eta Katalunian eta Kanarietan) ezetzak irabazi zuen, baietzaren botoak bikoiztuz.
Beraz, alderdi horietako ohiko hautesleek euren botoa aldatu zuten erreferendum horretan. 1986an, HBk aurrerapausoa eman zuen, hainbat oztoporen ondoren, alderdi gisa, HB legal bihurtu zenean. Espainiako Konstituzioa obeditzeko beharraren aurrean, HBk aurrerago erabiltzen jarraituko zuen konpromisoko formula erabili zuen. Horrela, HBko ordezkariek juro por imperativo legal formula erabiltzen zuten. Formula bera erabili zuten urte horretan deitutako hauteskundeetan. Espainiako Parlamenturako eta Senaturako hauteskundeetan, HBk emaitza oraindik hobeak izan zituen, eta bost parlamentario eta senatari bat lortu zituen. Urte bereko azaroan, hauteskunde autonomikoak egin zituzten EAEn, eta lurralde horretan bakarrik, HBk 200.000 mila boto eskuratu zituen. Lehendakaria hautatzeko eztabaidan, HBk hautatutako bere kide bat proposatu zuen, une horretan Herrera de la Manchan preso zegoen Juan Carlos Yoldi, hain zuzen ere. Gasteizko legebiltzarrean izandako presentziak eta hitzaldiak nazioartean izugarrizko oihartzuna izan zuten.
Hauteskunde goraldiko fase hori Hego Euskal Herrian deitutako Europako Parlamenturako lehen hauteskundeetan amaitu zen. HBn, hauteskunde haietan parte hartzeko egokitasunari buruzko eztabaida izan zen, urte batzuk lehenago ezarritako udal erakundeetan parte hartzeko araua alde batera utzita. Parte hartzeko tesiak irabazi zuen, eta asmo horrekin aurkeztu zen hauteskundeetara. Espainiako Estatu osorako barruti bakarra erabaki zenez, HBk Espainiako beste herrialde eta nazio batzuetako laguntza bilatu eta aurkitu zuen. Lortutako emaitzak ezuste handia izan ziren: 363.000 boto, horietatik 112.000 Euskal Herritik kanpo, EAJrenak gaindituta. Emaitza horiek egun berean egindako udal hauteskundeetan, Batzordeetarako hauteskundeetan eta Nafarroako Foru Parlamenturako hauteskundeetan errepikatu ziren.
HBren etengabeko goraldiak eta Ezker Abertzaleak zabaldutako jarduera handiak Espainiako Gobernua eta Euskal Herriko eskuina kezkatzen jarraitzen zuen. Kezka horren ondorioz, 1987ko amaieran, Madrilen ETA eta HBren inguruko ituna sinatu zuten EAJren eta Euskadiko Ezkerraren laguntzarekin. 1988ko urtarrilean, ildo horri jarraitu zioten, eta Ajuriaeneko Ituna deitutakoa sinatu zuten[5], geroago, Nafarroan, antzekoa sinatuta. Itun horien helburua Ezker Abertzalearen jarduera boikotatzea eta Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko gatazkaren existentziaren tesi abertzalea desbideratzea zen; izan ere, euskal herritarren arteko arazotzat ematen zuten.
Estrategia horren barnean, bakearen aldeko eta ETAren aurkako hitzaldiak gehitu ziren, eta teoria bakezaleak zituzten taldeak sortzeko urratsak eman ziren. Horien helburu bakarra ETAren jarduera eta ideiak salatzea zen. HBren eta Ezker Abertzalearen erantzuna mantsoa izan zen hasieran; izan ere, gizartean eraginik ez zuela izango pentsatu zuten. Nolanahi ere, itun horiek izandako berme instituzional eta sozial handiak, bai eta komunikabideek eta talde bakezaleek egindako lan handiak ere, gizartean eragina izan zuen.
Aljerko garaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1988an, Ezker Abertzaleak bere egiturak berrantolatzeko prozesua hasi zuen, negoziaketa prozesuarekin aurreikusten zen fase berriari aurre egiteko. Akordio politiko berria lortzeko aukeraren aurrean, eremuka lan egiten hasi zen, arazo bakoitzaren aurrean hautabide zehatzak prestatzeko. Espainiako Gobernuak gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko keinua egin zuen, aurretik, Ajuriaeneko eta Iruñeko itunekin eta euskal presoen sakabanatzearekin egoera tenkatuz.
Herri Batasunak Aljerko prozesuaren porrota Espainiako Gobernuaren borondate politiko faltari egotzi zion. Nolanahi ere, Ezker Abertzalean sortutako itxaropenak negoziaketa horren aldeko ekimen politikoa bultzatu zuen, bakerako bide gisa. Horrela, Herri Batasunak bere egitura osoa jarri zuen martxan, elkarrizketen aldeko kanpaina egiteko, eta Bilboko 1989ko urtarrilaren 21eko manifestazio jendetsuan amaitu zen. Era berean, abertzaletasunaren aurkako indarrak ere kalera irten ziren bi hilabete geroago, baina aurkako jarrerarekin; izan ere, arrazoi alderdikoiak zirela medio, eta hauteskunde kalkuluak egin ondoren, zenbait indar politikok prozesua oztopatzea erabaki zuten. Aldiz, manifestazio horren bezperan, Ezker Abertzaleak martxa nazionala aurkeztu zuen «Bidez Bide» goiburuarekin. Autodeterminazio eskubidea bandera gisa hartuta, horrek agerian jarri zuen Herri Batasunaren erreferentzia izaera eta irekitako prozesua gako hori aitortuko zuen hitzarmen politikoarekin amaitzeko beharra.
Gobernuaren eta ETAren artean erabakitako hitzarmenak betearazteko, negoziaketak birbideratzeko zenbait saiakera egin ondoren, ETAk amaitutzat eman zituen Aljerko Elkarrizketak, apirilaren 4an. Hausturaren ondoren, Felipe Gonzálezen gobernuak lehen aldiz aitortu zuen ofizialki bide poliziala ez zela «nahikoa», eta Euskal Herriarekin zuen gatazka konpontzeko, Espainiako Gobernua mahaiaren inguruan eseri beharko zela.
Zenbait hilabete geroago, HBk eurodiputatua lortu zuen Europako hauteskundeetan eta, ondorioz, prozesuaren hausturaren eraginaren oztopoa arrakastaz gainditu zuen. Gainera, historian lehen aldiz, esparru juridiko-politiko ezberdinetan izan bazen ere, mugako bi aldeetako euskal herritarrek batera eman zuten botoa. Europako hauteskundeetatik, Espainiako hauteskunde legegileetara. Boto gutxigatik, HBk 1986an Nafarroan lortutako diputatua galdu zuen eta, ondorioz, baita Madrilen bere talde parlamentarioa eratzeko aukera ere. Baina gogorrena ez zen hori izan. Diputatu akten bilketaren bezperan, Santi Brouarden heriotzaren urteurrenean, bi pistoladunek tiro egin zuten HBko hautatuen aurka, Madrilgo Alcala hotelean. Josu Muguruza hil zuten, eta Iñaki Esnaola oso larri zauritu zuten[6]. Aljerko prozesuaren hausturaren ondoren, Ezker Abertzaleak negoziaketaren bidearen aldeko apustua mantendu zuen. Alde horretatik, Diputatuen Kongresura zeramaten mezua «negoziaketa politikoa bideratzeko elkarrizketa giroa sortzea eta Aljerko prozesua utzitako lekuan berrartzea» zen. Josu Muguruzaren erailketarekin mezu hori zapuztu zen.
1989ko abenduan, Auzitegi Gorenak bere atxiloketa agindu ondoren, Angel Alkaldek berriro proposatu zuen, ETAren izenean, bi aldeko tregua, Aljerko elkarrizketak berrartzeko asmoarekin. Autodeterminazio eskubidea gatazka konpontzeko funtsezko gakoa zela barneratzen hasi zen Euskal Herriko gizartea, ezker abertzaleak mezu horren lanketan eginiko lanari zela eta. Ordurako, helburua independentzia eta sozialismoa ezarrita, eta Espainiako Estatuarekin lortu beharreko hitzarmena zehazteko, 1990ean «Autonomia Estatutu Nazionala» deitutako proiektuaren oinarriak ezarri ziren. Ordezko proposamenak aurkezteko HBren gaitasuna Hego Euskal Herria banatzen duten esparru autonomikoen agortzearekin batera gertatu zen. Hala, prestaketa-prozesu luzearen eta parte-hartzailearen ondoren, ENAk Euskal Herriaren subiranotasunean eta lurraldetasunean oinarrituta eraikitako autonomia-estatutuaren beharraren inguruan eragindako eztabaida sozial handiaren emaitzak jaso zituen.
Betidanik, HBk bere proiektu politikoaren izaera independentista argi utzi izan badu ere, 1991n erabaki zen helburu estrategikoen inguruan lan egitea, helburu taktikoen inguruan baino gehiago, ordura arte autodeterminazio eskubidearen aldeko kanpainarekin egin bezala. Horrela, Europako independentzia prozesuen babesean, urte horretako Aberri Egunak goiburu hori hartu zuen. Gainera, independentziaren aldeko mozioak aurkeztu ziren hainbat udalerritan eta, besteak beste, horiek bermatzeagatik Eusko Alkartasunak Jose Antonio Ardanzaren gobernutik botatzea eragin zuen benetako lurrikara politikoa sortu zuen. Independentziaren defentsa ere Europar Legebiltzarrera iritsi zen, ERCko eta HBko europarlamentarien eskutik. Aldarrikapen independentista gero eta errotuagoa zegoen, eta horren adibide izan zen Hispanitatearen egunean Bilboko kaleetan egindako manifestazioa; askoren iritziz, azken urteetako jendetsuena.
Aljertik Lizarra-Garazira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezker Abertzalea isolatzeko Itunen estrategiak nahi izandako emaitza izan ez bazuen ere, bere ondorioak dimentsio nazionalak hartu arte handitutako gatazka zehatzetan nabaritu ziren, adibidez, Leitzarango autobidean. HBk hitzartutako konponbidea bultzatzean kontzentratu zen, eta, horretarako, diseinu ofizialaren ordezkoa proposatzen zuen. Koordinakundearekin elkarrizketa prozesua irekitzeko, talde politikoekin eta enpresa eraikitzaileekin elkarrizketak mantendu zituen. Nolanahi ere, erakundeen ezezkoaren aurreko erantzuna bide ofiziala eraikitzea izan zen, lanen hasierarekin.
HBk bizitako desorientazio eta isolamendu egoeraren aurrean, herriaren batasunaren funtzionamendua berriro planteatuko zuen barne prozesuaren beharra ikusi zen, bai eta estrategia eta taktika politikoen baliotasunari eta indarrari buruzko hausnarketa ere. HBko egiturek aldaketak izan zituzten; hala nola, Mahaiko eremu teknikoetako eta eraketako berrikuntzak, eta Batzar Nazionala eta Biltzarreko erakunde berriak sortu ziren. Eztabaidak Urrats Berri izena hartu zuen, eta sei hilabete luzeetan garatu zen (1991ko azarotik, 1992ko apirilera), hainbat gai landu zituen sakonki; hala nola, Ipar Euskal Herriaren izaera estrategikoa, nazioarteko solidaritatea, ekologia eta garapena, antimilitarismoa, etab. Eta gai zailak saihestu gabe, gatazka armatua hausnartu zuten jarrera orokorra lortu arte; barneko iritzi aniztasuna onartuta. Alderdi politikoen erantzukizuna herrialde eta sektore zabalduak gatazka armatura eramaten dituzten arrazoi politikoak aztertzea eta horietarako konponbide errealak bilatzea da. Aldi berean, gaitzespen antzuen dinamika baztertu zen; izan ere, Espainiako Estatuak Euskal Herrian eragiten duen egiturazko indarkeria legitimatzea esan nahi zuen. Gainera, emakumezkoaren zein euskararen egoeren problematikak landu zituen, arrazoibidea koherente bihurtzeko barne neurriak sartuta.
Urrats Berri prozesua pauso garrantzitsua izan zen Herri Batasunaren proiektuaren teorizazioan. Herriaren batasuna abertzaleen eta ezkertiarren antolakuntza taktiko-estrategiko bezala definitu zen eta, ondorioz, alderdi politiko bihurtzea ukatzen zuen.
Barne prozesua amaituta eta, oraindik, EAJk HBk 1991ko azaroan egindako elkarrizketak hasteko proposamenarekiko interesa azaldu zuen, normalizazio politikorako eta bakerako bidea erraztuko zuen hitzarmen politikora iristeko. Baina EAJren helburua HBren osasun politikoa ikustea zen, eta, gainera, Espainiako Gobernuko ordezkari moduan egin zuen, horrentzako balio handia baitzuen informazio horrek. Kontaktu horietatik abiatuta, ETAk bi hilabeteko su-etena proposatu zion Espainiako Gobernuari, bi aldeen arteko harreman zuzenak ezartzeko baldintzapean. EAJren eta HBren arteko elkarrizketak garatu ziren giro politikoak horien garapena kaltetu zuen eta, azkenean, ETAren iragarpenak eragindako erreakzioek, Gobernuaren itxikeriak, EAJren kontraesanek eta komunikabideetako filtrazio interesatuek parte-hartzaileen arteko akusazio gurutzaketa eragin zuten. HBrentzat, agerian gelditu zen EAJren elkarrizketak politikoki erabiltzeko asmoa eta, aldi berean, PSOErekin zuten akordioa.
1986koa bezala, 1992ko elkarrizketa-txanda ofiziala eta jendaurrekoa izan zen, eta, bi indarren arteko harremana ezartzeaz eta gatazkaren diagnostiko orokorra egiteaz gain, konponbide-proposamen gisa, elkarrizketa- eta negoziaketa-eredua hitzartzea zen helburua. Hitzartutako gaien zerrenda landu bazen ere, ez zen sakonki landu, konponbide ereduari zegokionez eta, udazkenean, bigarren fasean egin beharreko elkarrizketak ez ziren 1997ra arte berrartu.
Europarako ere garrantzitsua izan zen 1992; izan ere, Europar Batasunaren eraikuntzarako funtsezkoak izango ziren Europako Agiri Bakuna eta Maastrichteko Ituna sinatu ziren. Europa horrek gero eta eragin handiagoa zuen Euskal Herriko gizarteko bizitzan, gizarte eta politika-baldintzetan. HBk 1989ko Europako hauteskundeetan lortutako eurodiputatua erabili zuen, aberastasunaren bidezko banaketan, giza eskubideekiko errespetuan, eta gainontzeko herrialdeekiko eta hori osatzen dutenekiko elkartasunean oinarrituta, bere biztanleen berdintasuna eta ongizatea bermatzeko gai zen Europa eskatzeko, nazio guztiak, euren subiranotasuna, bertako sinboloak, kulturak eta Autodeterminazio eskubidea onartuta. Europako esparru geografikoak eta politikoak lehentasuna hartu zuen HBko nazioarteko zereginean eta, urte horretan, Herri Enbaxada jarri zen abian, Bruselako ordezkaritza hain zuzen.
Sinaduraren ondoren, itunaren berrespena Estatu kide bakoitzaren eskuetan gelditu zen eta, Frantziako herritarrek ituna berretsi zuten bitartean, Espainian, parlamentarien botoek guztiengatik erabaki zuten. Diputatuen Kongresuko tribunan, Jon Idigorasek honakoa defendatu zuen:
« | Hego Euskal Herriaren 1978ko Espainiako Konstituzioaren errefusaren mamua eta Ezetzaren garaipena NATOko 1986ko erreferendumean euren buruetan egon dira | » |
—Jon Idigoras[oh 1] |
Europako eraikuntza eredu hori ukatu zuten hiru boto bakarrak HBko diputatuenak izan ziren. Existitzen zen Europa eredua kritikatzeaz gain, HBk hori aldatzeko bestelako ereduak eskaintzeko lan egin zuen. Horretarako, hainbat eztabaidatan parte hartu zuen Europa osoan, iritziak zabaltzeko eta kontrastatzeko lan handizalean. Herrialde askeen Europaren hautabidea 1994ko hauteskundeetan ateratako Europa, crítica y alternativa lanean jaso zen.
1992ko martxoan, Auzitegi Nazionalak Ynestrillas Alcalá hoteleko atentatuarengatik libre uzten zuen bitartean, bestetik, hiru ETAko kide hil ziren torturatuta, talde polizialen eskuetan, hilabeteko epean. Horren aurretik Kongresurako hauteskundeak izan ziren eta HBk bi diputatu eta senatari bat lortu zituen. Urtarrilean bezala, HBk erregeari aurre egin zion Iruñera joan zenean. Urte bereko uztailaren 1ean, izendatu berri ziren diputatuen ordezkaritza Zarzuelara joan zen bake mezua eramatera. Nolanahi ere, gertaeren larritasunaren aurrean, HBk greba orokorra deitu zuen irailaren 27rako, eta ondo baloratu zuten.
Ipar Euskal Herrian mugimenduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko lurralde banaketak ez zuen nazioaren banaketa bakarrik eragin. 1994ra arte, mugako bi aldeetako Ezker Abertzalea banatuta zegoen, askatasun nazionalaren borrokarako antolatuta, baina era independentean lan eginda. Gainera, horiek eragindako zapalkuntzak era nabarmenean handitu zituen iparraldearen eta hegoaldearen arteko erritmo, bizimodu eta kultura-ezberdintasunak. Hausnarketa horretatik abiatuta eta Telesforo Monzonek argitutako bideari jarraituta, 1994ko apirilean, HBk, Euskal Batasunak (EB), Ezkerreko Mugimendu Abertzaleak (EMA) eta Herriaren Aldek (HA), erakunde bakarra osatu gabe, Ezker Abertzalearen helburu estrategikoa partekatzen zutela adierazi zen jendaurrean. Guztien arteko Aberri Eguna izan zen hurrengo pausoa.
Baina lurraldearen batasunaren aldeko ekimen instituzionalez gain, HBk etorkizuneko batasunerako oinarriak jarri zituen; izan ere, «puskatutako pitxerra konpontzeko», kontzientzia nazionala, nortasun sinboloak, hizkuntza, barne harremanak, ekonomia, kultura, kirola, eta abar bultzatu behar ziren. Eta guztia eraikuntza nazionala eta soziala ekartzen zituen; horiek hurrengo garaietarako lehentasuneko jarduera-ildoak ziren.
Oldartzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eragin sozialaren ahultasun mailakatutik eta Ezker Abertzalearen desorientazio politikoaren antzematetik abiatuta, HBk barne hausnarketa prozesua hastea erabaki zuen. Ez zen batere erraza izan prozesu hori martxan jartzea, eztabaidak erabat baldintzatzen baitzuen eguneroko dinamika eta, kasualitatez, EAEko hauteskunde autonomikoak oso hurbil zeuden. Hauteskundeak urrian egin ziren, eta HBk ekaineko Europako hauteskundeetan lortutako emaitza txarretatik suspertzea lortu zuen. Hala ere, azken urteetako beheranzko hauteskunde joera agerikoa zen, eta erakunde abertzalea egoera politikoaren irakurketa sakonagoa egitera derrigortua zegoen.
Horrela, Oldartzen prozesua hasi zen hauteskunde autonomikoen ondoren eta, lehen fasean, ekintza politikoaren ildoan sakondu zen. Horren eztabaidarako dokumentuak Mahai Nazionalak idatzitakoa eta Iratzar deitutako osoko zuzenketa izan ziren. Azkenaren defendatzaileen ustez, distentsioa bilatu beharra zegoen, eta lan instituzionala eta politikoa sakontzea nahi zuten. Eztabaidaren erdian, beste elementu bat gehitu zen Iratzarren eta Oldartzenen gatazka ideologikora. ETAren estrategia armatuaren aldaketa kualitatiboak: PPren lehen kargu hautatua hil zuen, Gregorio Ordoñez[7]. Oihartzun handiena kanpora begira izan bazen ere, abertzaletasunaren aurkako itunekin ados zeuden komunikabideek zenbait ahots kritikok publikoki egindako desadostasunaren balorazioa handitzeko balio izan zuten. Ekintza horren ondorioz, Ajuriaeneko Mahaia berriro bildu zen zapalkuntzaren eta baztertze politikoaren bidea berriro abian jartzeko, aldi berean, sortu berria zen ¡Basta ya! Plataforma HBren aurkako presio lanera gehitzen zen bitartean.
Eztabaiden ondoren, biltzarrek Oldartzenen arrazoibidea bermatu zuten, gehienbat. Militantziak teoriatik praktikara pasatu nahi zuen eta, batez ere, eraikuntza nazionalaren eta sozialaren prozesua azkartu eta Espainiako Estatuari aurre egin nahi zion tinko. Une horretatik aurrera azaldu zuen HBk eraikuntza nazionalean eta eraldaketa sozialean oinarritutako estrategia berria, erresistentziara mugatzen zen ildoa baztertuta. Lan ildo ezberdinen bidez, indarren pilaketa aurkezten zen bi elementuren konbinazioaren ondorioz: irekitasuna eta sendotasuna. HBren proiektu independentista eta sozialista indarreko sistemaren hautabide zen heinean, errealitatearen eraldaketak borroka politikoa ekarriko zuen, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, prozesuan erabakitakoaren arabera, HBk beste oinarri sendo bat ere landuko zuen: elkarrizketaren aldeko lana jarraitzeko beharra eta negoziaketa politikoa. Aldatu zena ulertzeko era izan zen, ez helburu gisa, baizik eta esparru politiko berria lortzeko tresna gisa.
Eztabaidaren bigarren fasean, 1995eko udal hauteskundeak pasatu ondoren, HB eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko baliabide gisa ere definitu zen, eta helburu gisa. Horrela, HBk bere indar guztiak jarri zituen bere egituretatik kanpo, gizarte mugimenduak sendotzeko, euskararen aldeko borrokan, irakaskuntzan, eremu sozio- ekonomikoan... Herri sektoreen ekarpenak ere jasotzeko harreman horietan oinarrituta, antolakuntza egiturak moldatu egin ziren eguneroko arazoei aurre egiteko. Planteamendu horrekin batera, militantzia ikusteko eraren inguruan ere hausnartu zen, militantzia sozialaren balio politikoa aitortuta. Izan ere, "errealitate sozialeko eremu guztietan, erantzukizun maila guztiak funtsezkoak ziren Euskal Herriaren eraikuntzaren bidean". Barne eztabaidaren prozesu luzea amaitu ondoren, HBk indar berriekin egin zuen aurrera 1995eko bigarren erdialdeari.
Alternatiba Demokratikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bitartean, giro politikoa irakiten zuen udaberri horretan, 1995eko apirilaren 26an, ETAk Alternatiba Demokratikoa izenez ezagututako bake proposamena iragarri zuen, KASen zimenduetan oinarritutako proposamena eguneratua eta berritua, hain zuzen ere. Lehen aldiz, erakunde armatuak bi maila ezberdindu zituen; Estatuari eta ETAri zegokiena, eta Euskal Herriko gizarteak eztabaidatu eta erabaki beharrekoa. HB proposamena gizarteratzen hasi zen eta, horretarako, hasieran, ohiko bideak erabili zituen inoiz baino indartsuago; hedapen masiboa eta kontaktuak. Azken horretarako, HBk lehen aldiz hitz egin zien Espainiako alderdiei, PSOEri, PPri eta EBri bidalitako gutunekin. Batzuk erantzunik izan ez bazuten ere, antzeko batzuk ELA, CCOO edo LAB bezalako sindikatuekin eta EAJ eta EA bezalako alderdiekin egindako bileren jatorria izan ziren. Geroago, 1996ko otsailetik aurrera, herri batzar irekien dinamika hasi zen.
Hedapen lana ez zen hor gelditu; izan ere, HBren asmoa Espainiako hauteskundeen kanpainari zegokion publizitate espazioaz baliatzea zen, jadanik, jendeak ezagutzen zuen proposamenak garrantzi handiagoa izan zezan. Baina Espainiako Fiskal Nagusiak ekimena galarazi zuen. Guztiz jakina da Alternatiba Demokratikoaren hedapena ez zitzaiola doan irten HBri; izan ere, Baltasar Garzón epaileak eginbideak hasi eta Jon Idigoras deklaratzera deitu ondoren, aurkeztu ez zenean, espetxeratu egin zuten. Horiek izan ziren HBren kriminalizazioaren lehen urratsak. Idigorasen ondoren, hilabete batzuk geroago, Mahai Nazional osoa espetxeratu zuten (eta, azkenean, zazpi urteko espetxe zigorra jarri zieten irregulartasunez betetako epaiketan).
Ezker Abertzalearen zuzendaritza politikoaren espetxeratzeaz gain, 1997ko otsailaren 15ean, Bilbon Demokrazia Euskal Herriarentzat goiburuarekin egindako manifestazioa Ertzaintzak bi pertsona zauritu zituen balaz. Horri zapalkuntza ekonomikoa gehitu behar zaio; izan ere, martxoaren 7rako deitutako grebaren ondorioz, HBri hamazazpi milioi pezetako isunak ezarri zitzaizkion.
HBko militanteek Alternatiba Demokratikoaren edukiak zabaltzen jarraitzen zuten; bien bitartean, gauza bera egin zuten jarduera diplomatiko biziaren bidez mezu bera hedatzen arduratutako lau mahaikideek Europa osoan. Horren ondoren, Euskal Herrira itzuli ziren eta atxilotu zituzten. Lau «enbaxadoreek» muga gurutzatu, eta gainontzeko mahaikideekin espetxeratu eta gutxira, Mahai Nazionalak 500.000 pezetako fidantza ordaintzea eta kalera irtetea erabaki zuen, epaiketaren zain.
Hilabete batzuk geroago, hogei urte lehenago egindako Askatasunaren Martxaren arrazoiak oraindik indarrean zeudela kontsideratuta, hori berriro egitea erabaki zuten Abialdian izenarekin. Egun batzuk geroago, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu zuen Ermuan, Gobernua euskal presoen dispertsio politika amaitzearen truke. Ajuriaeneko Itunak manifestazio jendetsua egin zuen Bilbon bere askatasuna eskatzeko eta, aldi berean, HB hainbat udalerritan eta auzotan bildu zen «Euskal presoak, Euskal Herrira» goiburuarekin. Epea amaituta ETAk Miguel Angel Blanco erail zuen eta sorgin-ehiza izugarria hasi zen «¡a por ellos!» goiburupean[8].
Liskar giro horretan, Juan Carlos Hernando Peli presoa hilda agertu zen bere gelan, bertsio ofizialaren arabera bere buruaz beste eginda, 700 kilometroko dispertsioaren ondorioak jasan ondoren. Heriotza mingarri hori gertatu berriak ziren Katxuerenari, Txorenari eta Unai Salanueva gazte intsumisoarenari gehitu zitzaion. Gertaera horrek euskal presoen egoera larritasun handiko mugetara iritsi zela utzi zuen agerian. Dispertsio politika Arrigorriagako Udaleko talde guztiek (EAJ, PSOE, HB, EB, eta PP) salatu zuten, Peliren jaioterrian, Itunaren hauskortasuna nabarmenduta. Horregatik, euren alderdien zuzendaritzek harridura azaldu zuten zinegotzien jarreraren aurrean. Hala ere, HBren aurka martxan jarritako apartheid instituzionalak bere ondorioak izan zituen, eta erakunde abertzalea bota zuten zenbait Udaletako gobernu batzordeetatik, bai eta Arrasateko alkatetza kendu ere.
Uda horretan, era berean, Jose Luis Salegi errefuxiatuaren albistea ere ezagutu zen, eta irregulartasunez betetako autopsiak gerra zikineko kasu berria igartzen zuen. Gainera, Santo Domingoko deportatu Iñaki Arakamaren, Pello Gantxegiren eta Eugenio Etxebesteren estradizioek Jose María Aznarren Gobernuaren borondatea azaldu zuten, elkarrizketaren bidea sustraitik moztuta.
Bitartean, Alternatiba Demokratikoaren hedapen lanak aurrera jarraitzen zuen, erruztapen dinamika hasitako Alternatibaren aldeko Herri Ekimenarekin. Atxikimendu ugariek agerian utzi zuten Espainiako Estatuaren aurkako zigorra herriaren borondatearen aurkakoa zela. Erantzun horren aurrean, Gobernua erreakzionatzera behartuta sentitu zen, eta mugaz beste aldera zabaltzeko «ETAren jardueraren ondorio krudelei» buruzko bideoa prestatu zuen Espainiako Barne Ministerioan. Udazken horretan, ETAko bi militante hil zituzten Guardia Zibilaren enboskadan, Bilbon.
Bake proposamena zabaltzeagatik Mahai Nazionala aulkian eseritako epaiketa 1997ko urrian hasi zen. Hasieratik, epaiketa horrek itxura txarra zuen, eta akusatuak babesgabetasun egoera argian zeuden. CESIDak abokatuek defentsa estrategia diseinatutako Gasteizko egoitzan egindako espioitzak hiru hilabete geroagoko epaiketako gertaera harrigarriak arrazoitu zituen. Epaiketara joandako nazioarteko behatzaileek irregulartasunak salatu zituzten, eta epaia «akats historikoa» zela esan zuten, Auzitegiak presio onartezinak jasan zituela, adierazpen askatasuna urratu zela, eta prozesuaren gaiaren eta epaiaren arteko alde nabarmena zegoela adierazita. «Epaia guztiz politikoa» izan zela ondorioztatu zuten.
Mahaikide bakoitza zazpi urteko kartzela zigorra eta 500.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zituen abenduaren 1eko epaiari erantzuteko, HBk greba orokorra deitu zuen, bake proposamenaren alde eta Ezker Abertzalearen aurkako erasoa salatzeko. ELAk eta LABek abenduaren 13rako manifestazioko eta 15erako bi orduko geldialdiko ordezko proposamena egin zuen. HBko biltzarrek proposamena onartu zuten eta beste sindikatu batzuen eta mugimendu sozialen atxikimendua erraztu zuten; hala nola, EHNE, ESK, Hiru, STEE-EILAS eta Elkarri. Baina manifestazioaren bezperan, ETAk Oreretako Jose Luis Caso PPko zinegotziaren aurka egin zuen, eta sindikatuek mobilizazioak bertan behera uztea erabaki zuten. Egoera horretan, HBk 13rako manifestazioa deitzea erabaki zuen, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin zuen[9]. Une horretan Ezker Abertzaleari eskatzen zitzaizkion eta sindikatuei eta mugimendu sozialei falta izandako lasaitasunarekin eta erantzukizunarekin, deialdia bi aste atzeratu zen eta, abenduaren 27an, milaka pertsonek erantzun zioten eraso horri.
Hortik aurrera, Behin Behineko Batzordeak Mahai berriaren hautaketarekin Oldartzen prozesua amaitzeko lan egin zuen. Mahai berriak zigortutako Mahaia ordezkatuko zuen ilusioz beteta. Horrela, 1998ko otsailean, Biltzar Orokorra egin zuten eta, bertan, urte politiko berrirako jarduera-ildoa onartu zen, eta Mahai berriaren eraketaren inguruan tokiko biltzarrek hartutako erabakia berretsi zen.
1998ko apirilaren 10ean, Irlandako alderdien arteko Stormont hitzarmena eta bertako prozesua aztertzeko Irlandako Foroa martxan jarri zen. Jadanik, urrian, Mahaiak egokitzat eman zuen ekimena, eta indar abertzaleen arteko kontaktuak bultzatu zituen. Gonbidatutako hogeita hamahiru alderdien, sindikatuen eta mugimendu sozialen artean, hemeretzi erakunde bildu ziren ekainaren 20an, Lizarran. Lehen fasean, Irlandako prozesuari buruzko analisiak azaldu ziren eta, ondoren, HBko ordezkariek bi aldeko kontaktuak egin zituzten alderdiekin (EAJ, EA, AB, Zutik eta Batzarre), sindikatuekin (ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta CNT) eta mugimendu sozialekin (Senideak, Gestorak, Elkarri, Bakea Orain, Gernika Batzordea, Herria 2000 Eliza, Autodeterminazioaren Biltzarra), Euskal Herrian Irlandakoaren antzeko hitzarmena lortzeko faktoreak zeuden aztertzeko eta faktore horiek aktibatzeko zein konpromiso hartzeko prest zeuden jakiteko asmoarekin.
Bestalde, eta Oldartzen prozesuak eraikuntza nazionalerako onartutako jarduera-ildoa jarraituz, Mahai Nazionala espetxeratu aurretik, harremanak berreraiki ziren EAJrekin. Jeltzaleekin egindako bilerei, EArekin eta EBrekin egindakoak gehitu zitzaizkien eta, gutxinaka, gero eta indar politiko gehiago hasi ziren HBrekin biltzen; Zutik, Batzarre... Une oro, elkarrizketa horien helburua euskara, sozio-ekonomia, hezkuntza, kultura eta bestelako eremuetan zer hitzarmen mota lor zitezkeen ezartzea zen, eraikuntza nazionalaren estrategiaren barnean.
EAJ, EA, EB, Zutik, Batzarre, CDN eta EPK alderdiez, LAB, ELA, EHNE, Hiru eta STEE-EILAS sindikatuez eta hainbat ekintza-eremuko mugimendu sozialez gain, argiago inplikatzen hasten ari ziren Elizako zenbait sektorerekin ere bildu zen. 1998ko lehen seihilekoan, zenbait hitzarmen lortu ziren; hala nola, Kirolaren Legea, Trebiñu eta Argantzun Araban sartzeko prozesuaren irekiera, presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko hitzarmena, edo parlamentari postua hartzeko Espainiako Konstituzioa zin egiteko derrigortasunaren errefusa. Ildo horretan, ekainaren 29an, HBk Euskal Herriko Eraikuntzarako Hitzarmen Nazionalaren oinarriak, eragile politikoei, sozialei, ekonomikoei, kulturalei eta herritarrei zuzendutako proposamena, jakinarazi zituen.
Hiru ziren funtsezko puntuak:
- Euskal Herrian demokrazia berreskuratzea
- Berehala etorkizuna diseinatzen hastea
- Euskal Herriko biztanleentzako eztabaida eta erabaki guneak izango diren erakunde nazionalak eratzen hastea
Azken puntu horrek proposamen zehatza ekarri zuen: Euskal Herriko Udalerrien Biltzarrak sortzea.
Lizarra-Garazi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugimendu independentistak eta, oro har, abertzaleak, momentu horretan zuen indarrari aurre emateko askoz Jose María Aznarrek Gasteizko mitinaren historiarako utzitako «denak gartzelara» kontsigna jarraituz, Egin eta, ondoren, Egin Irratia ixtea ekarri zuen operazio poliziala eta mediatikoa jarri zuten martxan. Mugimendu independentistari hitza ere kendu nahi zioten, baina ez zuten lortu. Hurrengo egunean, Euskadi Información zegoen kalean «Egin, egingo dugu» goiburuarekin. Gobernuak bere eragin politikoa kendu nahi zion Ezker Abertzaleari, ito eta klandestinitatera zigortu nahi zuen.
Gerta zitekeen alderdi abertzalea legez kanpo uztea, eta, horren aurrean aurrean, HBk eraikuntza nazionaleko estrategia eta lankidetza politikoa bizkortzea erabaki zuen, erantzun dinamikan sartu ordez. Egoera horretan, Euskal Herritarrok hautesle taldea sortu zen. Horrek Hitzarmen Nazionala berea egin zuen, eta 46.000 sinadura lortu zituen urriaren 25eko hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko.
1998ko irailaren 13an, hasierako Irlandako Foroa Lizarrako Foroa bihurtu zen, hogeita hiru alderdik, sindikatuk eta herri erakundek Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzen zuen dokumentua sinatu zutenean. Urrian, Nafarroa Behereko Donibane Garazin egindako bigarren bileran, atxikipen berriak izan ziren, eta hitzarmenak Lizarra-Garaziko Hitzarmena izena hartu zuen. Hitzarmenak lurrikara politikoa eragin zuen; aldi berean, ETAk irailaren 17an iragarritako behin betiko tregua osoa ekarri zuen. Bere aldetik, Gobernuak tregoa iruzurra zenaz konbentzitu nahi izan zuen iritzi publikoa baina, aldi berean, birkokatu egin zen eta hauteskundeen aurretik ez zuela ezer egingo ziurtatu zuen. Nolanahi ere, ETAren iniziatibaren arrazoia indar politiko abertzaleei aukera eskaintzea zen, eta horiek Euskal Herriaren eraikuntzaren konpromisoa hartu behar zuten.
Bestela esanda, iniziatibak sortutako ilusioa eta itxaropena agerikoa bazen ere, egin beharreko lana ere izugarria zen. Zurrunbilo politikoaren erdian, EAEko hauteskunde autonomikoak iritsi ziren eta, zalantzarik gabe, Lizarra-Garaziko Hitzarmena hauteskunde kanpainaren ardatzetako bat izan zen. Lortutako emaitzek EHk jasotzen zuen berme handia islatu zuten. Hauteskunde horietako parte hartzea oso garrantzitsua izan zen eta, azkenik, Espainiako indarrek «Ermuaren edo Lizarraren artean» ezarritako erreferendumean Lizarrako aukera izan zen babestuena.
Lizarratik Loiolara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herritarroken jarduna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal presoen alde ordura arte inoiz egindako manifestaziorik handienarekin eta askotarikoenarekin hasi zen 1999. urtea. Bilbon egin zuten mobilizazioa. Milaka lagunek bat egin zuten Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren sinatzaileek egindako deialdi harekin. Ondorengo hitzordu nagusia Euskal Herriko Udalerrien Biltzarra izan zen, eta hura egin baino lehen, HBko 500 hautetsik «herri gisa aurrera egiteko» begirunea eskatu zuten. Iruñea izan zen lehen erakunde nazionalaren sorreraren ohorezko lekukoa; sorrerako hitzarmena Euskal Herriko 666 alkatek eta zinegotzik onartu zuten, lurraldetasunean oinarrituta eta nazio eraikuntzaren helburuarekin.
Aurreko urteko irailetik ETAren su etena zegoen, eta otsaila bukaeran, erakunde armatuak erabakia berretsi zuen. Egun gutxi batzuk geroago, HBk hamar mila pertsona bildu zituen Euskal Herriarentzat demokrazia eskatzeko. Geroxeago, Espainiako epaile batek Jose Luis Morcillo espetxeratzeko autoa kaleratu zuen, eta bertan, Espainiako Gobernuko Segurtasun Zuzendaritzak, 1984an, Santi Brouarden hilketa 50 milioi pezetaz finantzatu zuela adierazi zuen. Martxoaren erdialdean, 22.000 lagunek parte hartu zuten atxilotze boladari erantzuteko HBk antolatutako mobilizazioetan. Era berean, Mahai Nazionala gose greban hasi zen errepresioa salatzeko. Biharamunean, ordea, mahaikideek Arantzazu utzi eta Gipuzkoako egoitzara jo behar izan zuten; Guardia Zibila egoitzan zen, eta ordenagailu baten bila omen zebilen, nahiz eta azkenean hemezortzi ordenagailu, dirua eta agiriak ere eraman zituzten. Handik bi astera, Garzonek baliogabetzat jo behar izan zuen miaketa hura. Ondorengo astean, HBk manifestazioa egin zuen Bilbon, «Utzi bakean Euskal Herria» goiburuarekin, eta 60.000tik gora lagun bildu ziren. Bezperan, Joselu Geresta etakidearen gorpua agertu zen Errenterian. Gerestak bere buruaz beste egin zuela zioten lehen «bertsio ofizialak» kolokan geratu ziren berehala, beste norabide batera jotzen zuten frogak agertu zirelako.
Eta testuinguru horretan egin zuten lehen Aberri Egun bateratua. Urte luzez mota guztietako deialdiak izan ondoren, ekimen bateratu asko antolatu zituzten Euskal Herri osoan, Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren gerizpean; egun historikotzat jo zuten antolatzaileek, eta burujabetzaren alde elkarrekin lan egiteko dei ugari izan ziren. Mobilizazio sorta hura Bizkaiko hiriburuko manifestazioarekin bukatu zen: milaka lagunek, Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren sinatzaileen deiari erantzunez, babesa adierazi zioten bide horri eta lepo bete zituzten kaleak. HBko militanteek gogotik lan egin zuten hilabete haietan (beti bezala), eta handik gutxira, mahaikideak askatzeko eskatu zuten haiek preso zeuden espetxeen aurrean. Baina Herri Batasunak ez zituen soilik kale-agerraldiak, bilerak, hautabideak, elkarretaratzeak edo erakundeetan eta gizartean lan egiten. Apirilaren 26an, haren sorreraren urteurrenean, Herri Batasuna, askatasunaren aldeko 20 urteko borroka liburua aurkeztu zuen.
Maiatzaren erdialdean, Euskal Herriko politika instituzionalean aurrekaririk ez zuen akordioa sinatu zuten Lakuako Gobernuko (EAJ eta EA) eta Euskal Herritarrokeko ordezkariek. Hastear zen legealdirako laguntza hitzarmena zen hura, eta «historikotzat» hartu zuten sinatzaileek. Udal eta foru hauteskunde kanpaina ere egun haietan hasi zen. Kanpaina hartan, Espainiako Gobernuak onartu egin zuen Jose María Aznarrek izendatutako ordezkariek eta ETAko zuzendaritzak «harreman, bilera edo elkarrizketaren bat» egin zutela —ETAk ere baieztatu zuen bilera—. Astebete geroago, ekainaren 13ko hauteskundeetan, Euskal Herritarrok alderdiak emaitza historikoak eskuratu zituen: 270.000tik gora boto. Hauteskundeen biharamunean bertan, berriro ere, Nafarroako presidente Miguel Sanz nabarmendu zen, EH erakundeetatik kanpora uztearen alde egin zuen-eta. Udalbatzarren osatze egunean, ia 30 presok zinegotzi postuak hartu zituzten haien herrietan, herrikide askoren babespean.
Uztaila bukatu baino lehen HBko Mahai Nazionala kalean zen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak bertan behera utzi zuelako Auzitegi Gorenaren erabakia. Egun haietan ere beste epaile batzuek Arnaldo Otegi auzipetu zuten, Joselu Gerestaren heriotza «estatu krimena» zela esan zuelako.
Iraila erdialdean, Euskal Herriko gizarteak desiratutako beste albiste bat etorri zen. Euskal Herriko lehen erakunde nazionala jarri baitzen abian: Udalbiltza. Bilboko Euskalduna jauregian, 1.778 udal hautetsik bat egin zuten erakundearen sorrerarekin; lan taldeak osatu zituzten, Batzorde Iraunkorra aukeratu zuten, eta eraketa agiria onartu zuten.
Egun batzuk geroago, eta Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren sinatzaileen ekimenen haritik, Batera foroa sortu zen Gasteizen; euskal preso guztiak herriratzea zuen helburu Baterak. Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren urteurrenean, Euskal Herriarentzako marko juridiko politiko berri bat abian jartzearen alde agertu ziren sinatzaileak. Baita gatazkari irtenbide politikoa bilatzearen alde ere. Ipar Euskal Herrian ere mugimendu handiagoa zegoen, eta Baionan, Ipar Euskal Herriko departamenduaren alde antolatutako manifestazio handi batean, 13.000 lagunek parte hartu zuten.
Bitartean, HBko Mahai Nazionalak Espainiako ondorengo hauteskundeetan botorik ez ematea proposatu zuen. Azaroaren hasierarekin batera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak greba mugagabea hasiko zuela jakinarazi zuen; eskaeren artean, estatus politikoa eskuratzea eta Euskal Herrian zabaldutako prozesuan parte hartzea. Egun batzuk geroago, presoen eskaerekin bat, EHko bost legebiltzarkidek astebeteko baraualdiari ekin zioten Gasteizko Legebiltzarrean. Iruñean, asmo bera zuten beste zortzi legebiltzarkide kanporatu egin zituzten Legebiltzarretik.
Su-etenaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azaroaren 28an ETAk su etena bukatutzat ematen zuela jakinarazi zuen. ETAk ezagutarazi egin zuen su etena ekarri zuen proposamena, baita EAJri eta EAri prozesu konstituziogile bati heltzeko egindako proposamena ere, zeinak borroka armatua behin betiko amaitzea jasotzen zuen. Su etena bukatu eta ondorengo egunean, HBk nabarmendu zuen «prozesu demokratiko nazionala oraindik ere zabalik» zegoela eta «indarrean» jarraitu behar zuela. Era berean, prozesua definitzeko bere eredua aurkeztuko zuela iragarri zuen.
1999ko azaroan, erakunde armatuak esan zuen, APS berri agentziaren kameren aurrean, bukatutzat ematen zuela aldebakarreko su eten mugagabea. Horrez gainera, 1998ko abuztuan ETAk, EAJk eta EAk akordioa sinatu eta, besteak beste, Euskal Herrirako erakunde nazional eta burujabe bat sortzeko konpromisoa hartu zutela jakinarazi zuen. 1999ko abuztuan bi alderdioi aurkeztutako beste proposamen bat ere ezagutarazi zuen ETAk, bi alderdiek oraindik onartu gabea, zeinak zazpi herrialdeetan hauteskundeetara deitzea proposatzen zuen. Abenduaren 1ean, HBk bat egin zuen, «Bakea behar dugu» goiburuarekin, Juan Jose Ibarretxek antolatutako ekitaldiekin, eta iritzi guztietako milaka lagunek elkarretaratzeak egin zituzten.
2000. urtean, Espainiako Gobernuak erasoa jo zuen mugimendu abertzale osoaren aurka. Herri Batasunak egiten zuen irakurketaren arabera PPk garbi ikusi zuen arazoa ez zuela ezker abertzalearekin soilik, baizik eta bere etorkizunaren jabe egin nahi zuen herri oso batekin baizik. Herria eraikitzeko ezinbestekoak diren zutabe estrategikoen aurka egin zuen: euskararen kontra, ikastolen kontra, eta Euskal Herriaren nortasun ezaugarrien kontra. Argi geratu zen Espainiako demokraziarentzat euskalduna izatea eta euskaldun gisa pentsatzea eta sentitzea delitua zela, eta areago, delitu larria. Euskal Herritarrok-ek abstentziorako deia egin zuen Espainiako martxoaren 12ko hauteskundeetan, «Espainiako Estatuari aurre egiteko intsumisio aktiboaren aldeko apustu» bezala.
Astebete geroago, 50.000 lagun baino gehiago Bilbora joan ziren, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestaziora. Manifestazioan bi multzo izan ziren: alderdi deitzaileen —EAJ, EA, IU— jarraitzaileek osatutakoa, batetik, eta EHkoena, bestetik, haien mezuarekin.
Urtarrilaren amaieran, mobilizazio sozial handia izan zen preso politikoen aldeko greba orokorrean: kale-agerraldi eta elkarretaratze ugari, eta baita elkartasun ekintza asko ere. Handik bi egunera, HBren kontrako operazio batean, Espainiako Poliziak, Baltasar Garzonen aginduz, erakunde honetako zortzi kide eta buruzagi atxilotu zituen. HBko nazioarteko harremanen arlokoak edo bertan ibilitakoak ziren denak.
Otsailean, HBko Batzar Nazionalak Eraikitzen prozesuaren lehen fasea onartu zuen; Euskal Herriko estatu sozialista lortzeko, orduko aliantza taktikoari eustearen aldeko apustua eginez. Mahai Nazional berria aurkeztu zuten. Martxoa hasieran, ETAk aurreko urteko uztaileko proposamenari «zuzeneko erantzun zehatzik» ez eman izana leporatu zien EAJri eta EAri –marko juridiko berri baterantz joz gero, borroka armatua bertan behera geratzea aurreikusten zuen ETAren proposamenak-. Egun haietan, PP aise nagusitu zen Espainiako hauteskundeetan, eta Euskal Herrian, abstentzioak %7 egin zuen gora.
Batzarrek berretsi egin zuen HBtik bereizteko hartutako erabakia, nahiz eta harentzat gorde zituen karguak. Eta EAJk Batera desaktibatu zuen; izan ere, EAJren ustez, ezinbestekoa zen preso politikoak herriratzearen aldeko plataformak ETAri eta «kale borroka» ekintzagileei «bizitzarekiko eta ideia eta adierazpen askatasunarekiko errespetua» eskatzea.
Apirilaren 7an, EHk Gasteizko Legebiltzarretik alde egingo zuela eta hara eraikuntza nazionalaren eta sozialaren alde egiteko baino ez zela itzuliko jakinarazi zuen. Erakunde abertzalearen ustez, apustu autonomistaren ala subiranistaren artean aukeratzeko garaia zen. Aldi berean, HBk Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren edukiak urratu izana egotzi zion EAJri. Handik gutxira, Gazte Topagunea Haikaren aurkezpen ofizialarekin amaitu zen; Jarrai eta Gazteriak taldeetako kideak biltzen zituen erakunde nazional berria zen Haika.
Hil amaieran, 1999ko uztailaren 11n ETAk, EAJk eta EAk bilera egin zutela eta bertan, prozesua definitu beharra agerian geratu zela jakin genuen, erakunde armatuaren agirien bidez. Hala ere, ez alderdi batek ez besteak ez zion ETAri hautabiderik helarazi, zeinak irailean jasotzea espero baitzuen. ETAren 1998ko ekimenak Euskal Herriaren lurralde zatiketa gainditzeko bide bat urratu nahi izan zuen.
Euskal Herri osora hedatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maiatzaren hasieran, Euskal Herritarrokek iragarri zuen trantsiziorako bere proposamena aurkeztuko ziela EAJri, EAri eta ABri. Marko autonomistaren eta lurralde zatikatuaren ordez, marko demokratiko eta nazional berria lortzeko prozesua zehazten zuen proposamen hark. Astebete geroago, Batasuna prozesua abiatu zen Iruñean: 200 bat lagunek —politikagintzan, arlo sindikalean edo sozialean erreferentzialak— sortze agiri bat sinatu zuten. Agiri hura abiapuntua zen; Euskal Herriarentzako independentzia eta sozialismoa eta urtebetean herri batasun izaeradun zazpi herrialdeentzako erakunde politiko bat artikulatzea helburu estrategikotzat zuen ekimen baten abiapuntua.
Zenbait egun geroago, EAJk eta EAk Udalbiltzaren lehen batzar nagusia bertan behera utzi zuten. HBk hala ere bere proposamena aurkeztu zuen: Udalbiltza zuen oinarri, eta Euskal Herriko Legebiltzar Konstituziogile bat eta Euskal Herriko Gobernu Nazional bat eratzea zuen aurreikusia. Bitartean, EAJk udal gobernuetatik kanporatu zuen Euskal Herritarrok uztailean. Ikasturte politiko berria hastearekin batera, marko berrirako trantsizioari buruz akordiorik lortu ezean Gasteizko Legebiltzarra uztea onartu zuen Euskal Herritarrokeko Batzar Nazionalak. Dena dela, hauteskunde autonomikoetan parte hartzearen aldeko apustua egin zuen.
Handik gutxira, ezker abertzaleko hogei kide –EHko kargu instituzionalak eta HBko arduradunak, tartean- atxilotu eta espetxeratu eta HBko Bilboko, Donostiako eta Iruñeko egoitzak miatu zituzten. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, operazio harekin, «ETA-EKIN egituraren zuzendaritza» desegin zuen. Atxiloketek jarraitu zuen hurrengo asteetan: beste operazio polizial-judizial batean, bederatzi lagun atxilotu zituzten, denak herri mugimenduetan eta eskubide zibilen eta politikoen aldekoetan parte hartzeagatik oso ezagunak. Joxemi Zumalabe Fundazioaren eta ABKren egoitzak miatu zituzten. Azken eraso errepresibo honi erantzunez, manifestazio jendetsua egin zuten Donostian, isilpean, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde.
Ilegalizazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte hasieran, «Burujabetza da bakea» goiburuarekin, manifestazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta milaka herritarrek bat egin zuten haiekin. Batasuna eratzeko eztabaida prozesuan, Bateginez ponentziak (aurkeztutako bost ponentzietako bat) botoen %75 eskuratu zituen.
Martxoa ere atxiloketekin hasi zen: Garzonen aginduz, Haikako hamabost arduradun atxilotu eta gazte erakunde honen egoitzak arakatu zituzten. Handik egun batzuetara, Anoetako belodromoan, EHk lanuztera deitu zuen apirilaren 10erako, estatuen erasoei erantzuteko. Burujabetza lortzeko prozesuan aurrera egiteko bere proposamena aurkeztu zuen EHk, eta Udalbiltza bultzatzearen eta Herrialdeen Ganbera bat eta Euskal Herriko Konstituzioa idaztearen ardura izango zuen Batzar Nazional bat eratzearen alde azaldu zen. Apirilaren 10ean, burujabetzaren eta bakearen aldeko greba orokor deialdia zegoen, eta EHren kalkuluen arabera, 450.000 pertsonek parte hartu zuten deialdian; herrialde guztietan izan zuen eragina grebak.
Martxoaren 13ko hauteskunde autonomikoetan, EAJ-EA jaun eta jabe izan zen, aurrekoetan baino sei legebiltzarkide gehiago lortu baitzituen; EHk zazpi legebiltzarkide galdu zituen. Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren haustura ezker abertzaleari leporatu zitzaion, eta ordaina hauteskunde horietan ikusi zen, zazpi legebiltzarkide galduta. EAJ eta EAk, aldiz, Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren balio politikoa kapitalizatu, eta inoiz lorturiko emaitzak lortu zituzten: 600.000 boto.
Hauteskunde horien ostean, EHk aldaketak iragarri zituen politika instituzionalean. Eta udararekin batera, gazte erakunde berri bat iritsi zen: Segi. «Nazional, independentista eta iraultzailetzat» jotzen zuen haren burua. Egun haietan Batasuna ere sortu zen Iruñean, HBren lekukoa hartu zuen erakunde abertzale berria; izaera nazionala zuen erakundea zen, zazpi herrialdeetako militante ezkertiar eta abertzaleak baitzituen. Aralarrek —orain arte, barruko korrontea— kanpoan geratzea eta «talde politiko» bezala jarraitzea erabaki zuen.
Urriaren 25ean, Ibarretxeren gobernua beste hitzarmen estatutario bat sustatzen ahalegintzen ari zen bitartean, Gasteizko Legebiltzarrean, alderdi guztiek kontrako botoa eman zioten autodeterminazio eskubidearen alde Batasunak aurkeztutako proposamenari: EAJ, EA, PSOE eta PPk autodeterminazio eskubidearen aurka bozkatu zuten.
Batasunaren legez kanporatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Segiren aurkako jazarpena salatzeko gazte erakunde honek baraualdia antolatu zuen eta mahaikideak han ziren bitartean, CESIDeko buruen kontrako epaiketa iragarri zuten: HBri legez kanpo egindako entzuketei buruzkoa, hain zuzen ere. Batasunak berretsi zuenez, ordea, oraindik ere etengabe ari ziren zelatatzen erakunde abertzalea. Sasoi hartan, Batasuna legez kanpo uzteko PPren plana babestu zuen PSOEk. Eta Batasunak, Arnaldo Otegi bozeramailearen hitzetan, onartu egin zuen hordagoa, irabazteko moduko kartak ditu-eta herri honek. Martxoaren bukaeran, Espainiako Gobernuak Alderdien Legearen aurreproiektua onartu zuen, Batasuna legez kanpo uzteko tresna. Josu Jon Imazek egun haietan esan zuen legez kanporatzearekin Jose María Aznarrek Batasuna lagundu nahi zuela. Batasunak adierazpen hura arduragabekeria mingarria zela erantzun zion.
Apirilaren azken egunetan Mahai Nazionalak trantsiziorako proposamena aurkeztu zuen: proposamenak eszenatoki demokratiko bat ahalbidetzeko asmoa zuela esan zuten eta oinarrizko hamar konpromiso zituen, eztabaidarako irekiak. Baina, proposamena aurkeztearekin batera, erakundea neutralizatzeko polizia operazio zabal eta berehalako baten berri ere eman zuen Batasunak. Hain zuzen, ondorengo egunean, Garzonek eta poliziak miaketa ugari egin eta erakunde abertzaleko hamaika kide atxilotu zituzten. Biharamunean, Batasuneko militantzia mobilizatu egin zen. Eta epaitegien aginduz, hainbat lokal eta erakunderen diru kontuak blokeatu eta bahitu zituzten. Epaile espainiarrak orduan adierazi zuen Batasuna ETAren enpresa nagusietako beste bat zela eta herriko tabernek erakunde armatua finantzatzen zutela. Herri batasunak, hari erantzunez, milaka lagun bildu zituen Bilbon.
Nazioartean ere izan zen erantzuna, eta Gerry Adams, Cossiga eta antzeko beste pertsonalitate batzuk Batasuna legez kanpo uztearen aurka agertu ziren jendaurrean. Zurrunbilo horretan, gaixotasun larri baten ondoren, Gorka Martinez hil zen, EHASen eta HASIren sortzaileetako bat eta luzaroan Mahai Nazionaleko kide izandakoa.
Uztailaren erdialdean, Arnaldo Otegik adierazi zuen EAJri markaketa zorrotza egingo ziotela; buruzagi jeltzaleek esandakoak entzunda, beste hitzarmen estatutario baten aukera ikusten zuen eta. Handik egun batzuetara, bozeramaile abertzaleak EAJri ohartarazi zion ezin izango zutela Batasuna aintzat hartu estatutuaz hitz egiteko, eta Lakuako Gobernuari aukeratzeko esan zion: politika antzua ala burujabetza.
Abuztuaren 20an, Batasuna legez kanporatzeko prozesuan bete-betean, Garzon aurreratu egin zen, eta haren jarduera guztiak galarazi zituen. Ondoren, erakunde abertzaleak hiruko gobernuari eskatu zion ezker abertzalearen aurkako genozidio estrategia ez laguntzeko, eta Ibarretxek esaldi ahaztezin batez erantzun zion: Eusko Jaurlaritzak, behar bezala, bete egingo du indarrean dagoen legeria. Batasunak berretsi zuen legez kanporatzeko prozesuan ez zegoela jokoan sigla bat, nazioaren duintasuna baizik. Baina EAJk nazioaren duintasunaren antipodan jarri zuen haren burua. Izan ere, Ertzaintza bidali zuen Batasunaren egoitzei zartakoka eraso egitera eta egoitza haiek babesteko asmoz itxialdian ziren mahaikideak eta militanteak indarrez kaleratzera.
Egun batzuk geroago, eta legez kanporatzea salatzeko Batasunak antolatutako manifestazio nazionala egitea galarazi zutenez, independentista ezagun talde batek adierazi zuen debeku hura beste arrazoi bat zela kalera ateratzeko eta beste manifestazio batera deitu zuen, «Gora Euskal Herria» goiburuarekin. Irailaren 14an izan zen eta Ertzaintza oldartu egin zitzaion manifestariei; jipoitu egin zituzten, gomazko pilotak jaurti zizkieten eta produktu kimikoekin nahastutako ura presio handiz bota zieten.Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilotakada baten ondorioz barrabil bat galdu zuelako lesioengatik salaketa aurkeztu zuen bilbotar bat terrorismoaren apologiarengatik salatu zuten handik bi hilabetera; manifestazio hartan parte hartu zuelako, hain zuzen. Hilabete horretan bertan, azaroan, Garzonek hainbat mahai nazionaletako kideak auzipetu zituen, ETAko kideak izateagatik. Batasunaren ustez, zor historikoa kitatzen ari da ezker abertzalearekin.[1]
AuB eta Herri Plataformak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batasuna legez kanpo uzteko epaiketan Guardia Zibilak ere ez zuen aurkeztu ETAk HBren sorreran parte hartu zuela edo Batasuna prozesua baldintzatu zuela froga zezakeen agiririk. Bitartean, EAJk eta EAk gidatutako zenbait udalek HBren, EHren eta Batasunaren jardunari buruzko informazioa helarazi zioten Garzoni.
Otsaila erdialdean, Autodeterminaziorako Bilgunea (AuB) aurkeztu zen, foru hauteskundeetan independentziaren aldeko proiektuak tokia izan zezan. Egun haietan, kartzelan sartu ziren Mahai Nazionala espetxeratzearen aurka HBk antolatutako manifestazioan parte hartzeagatik zigortutako lau euskal herritarrak; «tiroen manifestazioa» izenaz da ezaguna manifestazio hura, ertzainek tiro egin zutelako eta zenbait pertsona zauritu zituztelako.
Martxoaren 15ean, AuBk foru hauteskundeetara aurkeztuko zela jakinarazi zuen, Bilbon haren alde egindako manifestazio jendetsuan. Handik bi egunera, Auzitegi Gorenak Batasuna legez kanpo uzteko agindu zuen; espero bezala, epaileek bere egin zuten Espainiako Gobernuaren tesia. Hamar egun geroago, auzitegi horrek berak HB eta EH ere utzi zituen legez kanpo. HB "ETAren bi adarren erabakiz" sortu zela esan zuen auzitegiak.
Bitartean, Estatuko salatariak hautes-zerrendak zorrotz aztertzeko agindu zuen. Batasunak, bestalde, jarduera politikoarekin aurrera egitea erabaki zuen. Ezker abertzaleak EAko buruzagi Rafa Larreinaren erronka onartu zuen, udal hauteskundeetan zerrendak elkarrekin osatzeko, baina azkenean, Larreinak atzera egin zuen.
Apirileko lehen hamabostaldirako, 80.000tik gora lagunek AuBk hauteskundeetan parte hartu ahal izatea babestu zuten haien sinadurarekin. Eta ezker abertzaleak, Arnaldo Otegiren hitzetan, adierazi zuen herri borondatearen ala legalitate faxistaren artean aukeratu beharra zegoela.
Garzonek herriko tabernak itxiarazteko autoa prest zuela ere jakin genuen garai hartan. Handik gutxira, epaile honek berak Udalbiltzaren egoitzak ixteko agindu zuen eta espetxera igorri zituen erakunde honetako zuzendaritzako zortzi kide. Eta soka beretik tiraka, Auzitegi Gorenak balio gabe utzi zituen 249 udalerritan aurkeztekoak ziren hautets plataformetatik 241. Egoera ikusita, AuBk emaitzak onartzeko deia egin zien gainerako alderdiei, eta bi orduko lanuztera deitu zuen. EAJk Espainiako legeriaren kontra egiteko asmorik ez zuela erantzun zuen. Aldi berean, milaka eta milaka lagunek manifestazioa egin zuten Bilbon Udalbiltzaren alde, eta egun batzuk geroago, AUBren alde, Donostian. Ertzaintzak, bitartean, plataforma abertzalearen milaka boto txartel atzeman zituen. Oztopo ororen gainetik, ordea, ezker abertzaleak bultzaturiko baliogabetutako hautagaitzek 150.000 boto eskuratu zituzten. Herri plataforma abertzaleak bigarren indar bihurtu ziren udaletan, 579 hautetsirekin. Hala ere, baliogabetu ez zituzten plataforma gutxi horietako hautetsiak gehituz gero, hautetsi independentistak 700dik gora ziren.
Ekain erdialdean, legeriaren araberako udalak osatu zituzten salaketen, atxiloketen eta poliziaren oldartzeen artean. Eusko nazionalistak eta espainiar nazionalistak batera aritu ziren hautetsontziek adierazitako borondateari muzin egiten, eta ehunka hautetsiri eta milaka hautesleri apartheid politikoa ezartzen hasi zitzaizkien.
Batasuna Ipar Euskal Herrian erreferenduma egitearen alde agertu zen. Bitartean, sektore abertzaleak Iparraldeko hiru herrialdeentzako instituzionalizazio proposamen komun bat prestatzen ari ziren.
Irailaren 20an, ezker abertzaleak apartheida salatu zuten, eta Bilboko kaleak bete zituzten. Astebete geroago, eta ikusmin handiarekin, Ibarretxek bere plana aurkeztu zuen Legebiltzarrean; planak autodeterminazioa jasotzen zuen, baina hura alde bakar batek gauzatzea baztertzen zuen. Garai hartan ETAk eskainitako elkarrizketa batean esan zuenez, Ibarretxe planak irtenbidearen osagaiak ditu, baina ez du ekuazioan asmatu.
Nazio Eztabaidagunea Euskal Herria eratzeko eta gatazka konpontzeko xedearekin sortu zen. Urriaren 16an, Egunkariaren kontrako beste operazio batean, zortzi pertsona atxilotu zituzten. Zabaltzen enpresari ere eragin zion operazioak. Handik egun batzuetara libre utzi zituzten atxilotutakoak. Torturatu egin zituzten.
Urria hasieran, baliogabetutako hautets zerrendetako ordezkariek helegitea aurkeztu zuten Estrasburgoko Auzitegian; gauza bera egin zuen Batasunak, legez kanpo geratu ostean.
Abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren urteurrenean, Espainiari ezetz esateko hamaika arrazoi jarri zituen ezker abertzaleak mahai gainean. Era berean, 98an zabaldutako prozesuan beste urrats bat emateko momentua iritsi da, eta guk arriskatu egingo dugu, adierazi zuen.
Hurrengo pausoa monzondarren etxe izandako Olaso Dorretik eman zuen. Eskaintza historikoa zen: autodeterminazio eskubidea defendatzeko eta Espainiako Estatuarekiko Euskal Herriko ordezkaritza osatzeko, Espainiako Kongresurako hauteskundeetan denen artean hautagaitza bakarra aurkeztea proposatu zien gainontzeko alderdiei. Horretarako, zerrenda bakar horren bila, elkarrizketa saio bati ekin zion, eta akordioa lortzeko metodologia eta zirriborro bat jarri zuen mahai gainean. Handik egun batzuetara, ETAk adierazi zuen Bergarako ekimenak arrakasta izan zezan eman beharreko urratsak emateko prest zegoela.[1]
Herritar batasunaren ibilbidea, kontzeptu gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izena erabiltzeari Euskal Herritarroken sorrerarekin utzi bazitzaion ere, alderdia legez kanpo utzi eta hurrengo urteetan, ezker abertzaleak herritar batasun adigaiari eutsi zion, erreferente politikoa eta ildo instituzionala jorratuko zuen antolakundearen inguruan hitz egiteko[1][10]. Zutik Euskal Herria ebazpenean, 2010ean, horrela ere jasotzen da:
« | Gure oinarri sozialaren babes zabal-zabalarekin bi horiek berresten ditugu, Herritarren Batasunean ezadostasunek ere lekua dutela kontuan hartuta. | » |
Zutik Euskal Herria[11] |
Berdina irakurri daiteke eztabaidarako eskuragarri jarri zen barne txostenean:
« | Egoera horretan Batasuna prozesuak ez zituen askatu beharreko indar guztiak askatu (Aralarren eta ABren zatiketak gertatu ziren). Okerrena, dena dela, etorkizuneko Herritar Batasuna marraztu behar zuen prozesu hartatik ez ginela indarturik irten izan zen. | » |
[12] |
2017an, ezker abertzalearen ibilbide estrategiko berriaren aurka agertutako talde eta kide batzuk Herritar Batasuna izeneko irismen urriko alderdi politiko bat sortu zuten, jatorrizko Herri Batasunaren oinordeko izateko asmoz.
Hauteskunde emaitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak | 172.110 | 0,96 | 3 | 1 |
1982ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak | 210.601 | 1,0 | 2 | 0 |
1986ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak | 231.722 | 1,15 | 5 | 1 |
1989ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak | 217.278 | 1,06 | 4 | 3 |
1993ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak | 206.876 | 0,88 | 2 | 0 |
1996ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak | 181.304 | 0,72 | 2 | 0 |
2000ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak a | N/A | N/A | 0 | 0 |
aAbstentzioa eskatu zuen.
1987ko Europar Parlamenturako hauteskundeak | 360.952 | 1,87 | 1 | Txema Montero |
1989ko Europar Parlamenturako hauteskundeak | 269.094 | 1,70 | 1 | Txema Montero |
1994ko Europar Parlamenturako hauteskundeak | 180.324 | 0,97 | 0 | - |
1980ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 151.636 | 16,55 | 11 | 2º |
1984ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 157.389 | 14,65 | 11 | 3º |
1986ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 199.900 | 17,47 | 13 | 3º |
1990eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 186.410 | 18,33 | 13 | 3º |
1994ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 166.147 | 16,29 | 11 | 3º |
1979ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 28.244 | 12,11 | 9 | 4º |
1983ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 28.055 | 10,62 | 6 | 4º |
1987ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 38.138 | 13,68 | 7 | 3º |
1991ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 30.762 | 11,20 | 6 | 3º |
1995eko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 27.404 | 9,43 | 5 | 5º |
1979ko udal hauteskundeak | 165.000 | 1,0 | 260 |
1983ko udal hauteskundeak | 158.000 | 0,8 | 385 |
1987ko udal hauteskundeak | 239.010 | 1,23 | 669 |
1991ko udal hauteskundeak | 199.090 | 1,06 | 701 |
1995ko udal hauteskundeak | 184.742 | 0,83 | 621 |
1979ko EAEko Aldundietarako hauteskundeak | 169.653 | 20,48 | 38 | 2º |
1983ko EAEko Aldundietarako hauteskundeak | 142.481 | 14,32 | 20 | 3º |
1987ko EAEko Aldundietarako hauteskundeak | 207.382 | 19,40 | 32 | 2º |
1991eko EAEko Aldundietarako hauteskundeak | 172.844 | 17,57 | 27 | 3º |
1995eko EAEko Aldundietarako hauteskundeak | 160.552 | 14,70 | 20 | 2º |
(Iturria: Ministerio del Interior
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Ezker Abertzalea, ed. (2008). 1978-2008. 30 urte... ta aurrera. , 64 or. (Noiz kontsultatua: 2010-02-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) EL LEMA DE LAMANIFESTACIÓN SINTETIZA EL SENTIDO DE LA CONVOCATORIA. 1978ko urriaren 19a (Noiz kontsultatua: 2010-02-19).
- ↑ Etxarri, Tonia. (1983/11/22). «El núcleo dirigente, en el banquillo» El País.
- ↑ (Gaztelaniaz) Muley, Julio. (22/11/2006). Un ex mercenario del GAL desvela cómo asesinó al dirigente de HB Santiago Brouard. (Noiz kontsultatua: 2010-02-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pacto de Ajuria Enea. Acuerdo para la Normalización y Pacificación de Euskadi. 1988ko urtarrilaren 12a (Noiz kontsultatua: 2010-02-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Dos encapuchados asesinan al diputado de HB Muguruza y causan heridas graves a Esnaola. 1989ko azaroaren 20a (Noiz kontsultatua: 2010-02-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gregorio Ordóñez, en el recuerdo. (Noiz kontsultatua: 2010-02-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) Prego, Victoria. (1997ko uztailaren 15a). Por la paz, la unidad y la libertad. (Noiz kontsultatua: 2010-02-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) Suarez, Orlando. IN MEMORIAM: José Luis Caso y Francisco Cano. (Noiz kontsultatua: 2010-02-22).
- ↑ Ezker Abertzalea. (2010-02-16). (PDF) Zutik Euskal Herria. (Noiz kontsultatua: 2010-02-19).
- ↑ Zutik Euskal Herria ebazpena
- ↑ Fase politikoaren eta estrategiaren argipena
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1978-2008. 30 urte... ta aurrera, cc-by-sa-3.0 lizentziarekin Ezker Abertzaleak argitaratutako liburua.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoak | ||
---|---|---|
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: |
Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi politikoak | ||
---|---|---|
Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: |
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/>
tag was found